Urriak 11: LOMCErik ez! GUK GURE ESKOLA! EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA!

lomce-plastikoa-inprimatzekoEHIGEk urriaren 11ean Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean LOMCEren kontra eta gure hezkuntza sistemaren alde antolatu diren deialdietan parte hartzera animatzen ditu hezkuntza komunitatea eta euskal gizartea.

LOMCE saihestu dugula sinestarazi nahi digun arren Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, lege hau gure ikastetxeko geletan dago jada Sail horrek emandako jarraibideak direla medio, ekainean salatu genuen moduan.

Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu beharko luke dagokion ardura, eta LOMCEren eraginari buruzko informazio argia eta objektiboa igorri eragileei, familiei eta ikastetxeei, ez gaitezen informatuak izan behar komunikabideen bitartez, lege kaltegarri honek gure seme-alaben heziketan eragingo dituen ondorioetaz.

Bestalde, ez da nahikoa pasa den astean ezagutu genuen Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako gobernuaren artean adostutako akordio partziala, hizkuntza-ereduen sistema iraunarazten duelako eta oraindik ez dakigulako zertan geratuko diren eskola kontseiluen eskumenak. Gainera, ez ditu aipatzen hainbat aldiz salatu ditugun gainontzeko neurriak: zentralizazioa eta curriculumaren kontrola, ikasleen sailkapena, erlijio katolikoa indartzea, hezkuntzaren pribatizazioa, eta abar.

Euskal Eskola Publikoa gertutik jarraitzen ari da LOMCEren garapen-prozesua, datozen hilabeteak klabeak izango direlako beronen eragina baloratzeko. Ez gara liluratuko LOMCEren eragina txikia dela esaten digutenengatik.

Era berean, lege honen kontrako desobedientzia ekimen aktiboak martxan jartzen jarraituko dugu. Eskola kontseiluak defendatzeko ekimena, esaterako, 160 ikastetxe baino gehiagotan onartu da, LOMCEren kontra hezkuntza-komunitateak duen konpromisoa erakutsiz.

Laburbilduz, gonbidatzen gaituzten foro guztietan lanean eta parte-hartzen jarraituko dugu, beti egin dugun moduan, eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz izan dadin exijituz.

LOMCERIK EZ! GUK GURE ESKOLA! EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA!

lomce.ehige.org

Kategoria: Deialdiak. Gorde lotura.