EHIGE, BIHE eta SAREAN elkarteok- Euskal Eskola Publikoa Gaur,Bihar –hainbat ekarpen egin dizkiogu Heziberri planaren bigarren faseari (Esko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren dekretuak) Euskal Eskola Publikoa hobetzeko asmoz, eta ondorioz hezkuntza-sistema osoa.
Behin-betiko bertsioak ezagututa, uste dugu dekretu hauek ez direla LOMCEri aurre egiteko estrategia, Heziberri planaren hasieran esan zitzaigun moduan. LOMCEk inposatzen dituen aspektuak daude bertan (egitura curricularra, edukiak, etapa-amaierako azterketak, erlijioa/balore etiko eta zibikoak, DBH amaierako ibilbideak, eskola kontseiluaren estatusa…). Hauek zaildu egiten dute gure hezkuntza-sistemaren aurrerakuntza. Horregatik, hauek ez dira Euskal Eskola Publikoak eskatzen dituen dekretuak.
Hori dela eta, hauxe jakinarazi nahi dugu:
- LOMCE aplikatzen jarraituko da gure ikastetxeetan.
Egun indarrean dagoen eredu curricularreko aspektu positibo batzuk mantentzen diren arren (lehen hezkuntzako zikloak mantendu daitezke, lehen hezkuntzako azterketak diagnostikoak izango dira, DBHko curriculum aniztasunerako programa mantentzen da, ibilbide banatzaileak ekiditen ditu..) oinarrizko arautegia da azken zirriborro honen erreferentzia, LOMCE.
Gainera dekretuek babes legala emango die arlo hauei: errebalidak, Estatuaren esku geratzen den curriculumaren portzentaia, Hiritartasunerako Hezkuntzaren desagerpena, Erlijioa indartzea Baloreak irakasgaiari esker (biak ebaluatuz), eta abar.
- Ez ditu jasotzen Euskal Eskola Publikoarentzat lehentasunezkoak diren oinarrizko printzipioak:
2.1. Ez du sareen arteko ardura partekatuaren aldeko apusturik egiten, ikasle bakoitzari ahal bezain eskolaratze egokiena bermatzeko.
Dekretuek ez dute planteatzen sare guztien ardura partekatua ezaugarri eta jatorri desberdinetako ikasleei erantzun egokiena eman ahal izateko (zonaldekako banaketa ekitatiboa).
2.2. Ez du jasotzen ekitatetik bikaintasunera abiatzeko oinarrizko printzipioa.
Bikaintasunaren planteamendua ez dator bat gure ikuspegiarekin, ez duelako planteatzen bikaintasuna ikasle guztiek lortu beharreko helburu moduan. Ekitatea eta bikaintasuna ez dira termino kontrajarriak; alderantziz: ekitatetik bikaintasunera abiatzeko, hau da, ikasle guztien ikaste prozesua ahal bezain beste garatzeko, bitartekoak eta estrategiak behar dira. “Ekitatetik bikaintasunera” ikuspegitik eraikiko den Euskal Herrirako curriculumean sinesten jarraitzen dugu. Horixe da diru publikoekin sostengatzen diren hezkuntza-proiektuak egin eta garatzeko exijentzia.
- Ez ditu jasotzen Euskal Eskola Publikoarentzat aurrera egiteko garrantzitsuak diren apustu berritzaileak:
3.1. Hizkuntzen tratamendu integratua, gaur egungo ereduen sistema gaindituko duena.
Dekretuek blindatu egiten dute hizkuntza-ereduen sistema eta ez dute aurrerapausorik proposatzen ikasle guztien elebitasuna lortzeko, gaur egun existitzen diren ekimenez haratago (Euskara indartzea, eskolaz kanpoko programak…). Zintzilik dago oraindik ikasle guztien elebitasun erreala.
Ikastetxeko Hizkuntza proiektua tresna garrantzitsua da hizkuntzen ikaskuntza integratua planifikatzeko, baina ez da nahiko euskararen lehentasunezko erabilera behikularra bermatzeko, eta ez du bermatzen ezta ere hirueledun irakaslegoa izatea proiektu eleanitz baten garapen jarraiturako.
3.2. Ikastetxe publikoen autonomia eraginkorra gauzatzeko araudia.
Euskal Eskola Publikoaren Legearekin (1993) konparatuz, Dekretu hauek autonomiaren oso planteamendu murriztailea egiten dute. Ikastetxe publiko guztiek dute autonomia izateko eskubidea, Legeak dioen moduan, eskubide hori arautuko duen markoa behar dugu.
Ikasle guztien hezkuntza-arrakasta bermatzeko, Euskal Eskola Publikoak autonomia gehiago behar du. Hala erakusten dute autonomia, lidergo eta emaitzei buruz egin diren ikerketek.
Laburbilduz:
Arduratu egiten gaitu Dekretu hauek sustatzen duen eskola ereduak. Gure ustez urrun dago guk defendatzen dugun kalitatezko Euskal Eskola Publiko, inklusibo, ekitatibo eta demokratikotik. Are eta gehiago Euskal Hezkuntza Legearen aurretiko pausua denean.
Arduratu egiten gaitu bertan jaso ez izanak Euskal Eskola Publikoarentzat garrantzitsuak diren ekarpenak (hizkuntzak ikasteko markoa, autonomia markoa, kalitate kontzeptua…) Honek zailtasunak ekar litzake Euskal Hezkuntza Legean adostasunak lortzeko bidean.
Hezkuntza sistema propioa eraikitzeko, ezinbestekoa da diagnostiko sakon bat egitea.
Hori dela eta, hauxe eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari:
-LOMCEren kontra ager dadila beti eta berau indargabetu dadin eska dezala aldaketak ematen direnean Espainiako instituzioetan.
-LOMCEren murrizketa politikez haratago doazen ekimenak garatu ditzala beroni aurre egiteko.
-Aurrerapausoak eman ditzala Euskal Eskola Publikoarentzat lehentasunezkoak diren gaietan: autonomia garatzeko markoa, hizkuntza-ereduen sistema gainditzea, sareen arteko ardura partekatua.