Urriaren 26an errebaliden kontra mobilizatzera deitzen ditugu familiak eskola-komunitateetako gainontzeko kideekin batera, goizean ikastetxeetan egingo diren geldialdietan baita arratsaldeetako manifestazioetan ere.
Hezkuntza komunitatearen gehiengoaren oposaketarekin –batez ere familiak- Lehen Hezkuntzan jadanik egin diren azterketez gain, LOMCEk errebalidak ezartzen ditu DBHko laugarren mailan eta Batxilergoko 2. mailan.
Lehen Hezkuntzako azterketek eragin akademikorik ez daukaten arren printzipioz, ez da gauza bera gertatzen DBH eta Batxilergoko etapa amaierako azterketekin. Izan ere, azterketa hauek gainditzen ez dituzten ikasleek ez dute titulaziorik lortuko.
EAE (Heziberri) eta Nafarroako dekretu berriek errebalida hauek jasotzen dituzte eta esaten dute beharrezkoa dela hauek gainditzea DBH eta Batxilergoko tituluak lortzeko (aurreko dekretuek ez zuten horrelakorik jasotzen).
Hala, argitaratu berri den EAEko Heziberri Batxilergoko dekretuaren 38. artikuluak eta Estatu osoari eragiten dion DBH eta Batxilergoko etapa amaierako ebaluazioak arautzen dituen 310/2016 Errege Dekretuak gauza bera diote: “Batxiler-titulua eskuratzeko amaierako ebaluazioa gainditu beharko da”.
Bestalde, gaur egun, Euskal Eskola Publikoko familiok ez dakigu nolakoak izango diren froga hauek, noiz eta nortzuk egingo dituzten. Hori dela eta, argibideak eskatu dizkiogu jarduneko Hezkuntza sailburuari.
Info +: ehige-errebaliden-aurka-mobilizatzeko-arrazoiak-ehige-razones-para-movilizarse-contra-las-revalidas