Hezkuntza sailak hezkuntza-eragileak deitu gintuen astelehenean Heziberri 2020 egitasmoko dekretuen zirriborroak aurkezteko. Jaso berri ditugu dekretuon zirriborroak (Haur hezkuntza eta Batxilergokoak ezik) eta hilabete baino ez dugu hauek aztertzeko, epe eskasa benetako prozesu demokratiko bat emateko. Hala ere, arduraz jokatuko dugu eta gure ekarpenak egingo ditugu, betiere Euskal Eskola Publikoko ikasleen eskubideak babesteko helburuarekin.
Aurreratutako informazio batzuen arabera, LOMCEren atal gehiago ezartzeko asmoa du Jaurlaritzak datorren ikasturtean, hauek gutxienez: bi ziklotan banatuko dira lehen eta bigarren hezkuntza, ebaluazio diagnostikoak egingo dira lehen hezkuntzako 3. eta 6. mailaren amaieran eta aniztasunari aurre egiteko neurriak aldatu egingo dira.
LOMCEren aplikazioari dagokionean, nahi eta behar ez dugun lege honen garapenari aurre egingo dioten neurriak planteatzen jarraituko dugu ikastetxeetan.