Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak 2014-2015 ikasturtean antolatzeko Hezkuntza sailaren ebazpenaren arabera, LOMCE aplikatu egingo da gurean arlo hauetan:
- 1., 3. eta 5. mailako ikasleek bi akta izango dituzte Natura eta Gizarte Zientzietako arloan: Natur Zientziak eta Gizarte Zientziak.
- Erlijioaren alternatiba: Gizarte eta Herritarren Baloreak irakasgaia jaso beharko dute Erlijioa aukeratzen ez duten ikasleek. Biak ebaluatuko dira eta gurea izango da erlijio ordurik gehiena ematen duen erkidegoetako bat.
EHIGEk bi erabaki hauek errefusatzen ditu, hasieratik agertu baita euskal gizarteak arbuiatu duen lege honen kontra. Gainera, berau ez aplikatzeko eskatu zaio Hezkuntza sailari. Eusko Jaurlaritza legearen kontra agertu den arren, Hezkuntza sailak ez du jaso hezkuntza-komunitatearen nahia eta LOMCE aplikatzea erabaki du.
Erlijioaren eskaria oso txikia da EAEn (%30 Lehen Hezkuntzan, %20 DBHn eta %3 baino gutxiago Batxilergoan). Gainera, Euskadiko Eskola Kontseiluak eskatu dio Hezkuntza sailari baimena emateko ikastetxe erlijioa eskola-orduetatik kanpo eman dezaten. Hala ere, Hezkuntza sailak ez dio jaramonik egin eskaera honi eta irakasgaia eta ordutegia mantentzeaz gain, ebaluagarri bihurtu du.
Guzti honen aurrean, gure eskola-komunitateen behar eta nahiei erantzutea exijitzen diogu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailari, eta euskal gizartearen eskaerei erantzun diezaiola.