LOMCE: eta orain zer?

2013ko abenduan Espainiako Kongresuan onartu zenetik, inposatutako lege moduan etorri zaigu LOMCE, eskola-komunitatearekin eztabaidatu eta adostu gabe. Gure hezkuntza-komunitateak erabateko gaitzespena erakutsi dio hainbatetan (manifestazioak, grebak, sinaduren bilketak…). Hainbat aldiz esan dugunez, izugarrizko atzera pausua izango da guretzat, Europa 2020 egitasmoari begira jarri beharrean, pasa den mendearen antzeko egoerara hurbilduko bai gaitu.

Hilabete hauetan zehar hainbat hitzaldi egin ditugu Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar osatzen dugun EHIGE, BIHE eta SAREAN elkarteok. Hiru izan dira hitzaldi hauen helburu nagusiak: Legeak dakartzan aldaketei buruz informatu, hezkuntza-komunitatea bere kontra mobilizatu eta Euskal Eskola Publikoa Haratago  dokumentua aurkeztu LOMCEren alternatiba moduan.

Baina LOMCE legea onartua izan da hezkuntza-komunitatea, gizartea eta politikagintzaren gehiengoa ere kontra agertu arren. Indarrean dago jada, neurri batzuk martxan dira eta beste batzuk irailetik aurrera aplikatu dira. Eta iritsi da hitzaldi guztietan Euskal Eskola Publikoko familiek egiten diguten galderari erantzuteko momentua: eta orain, zer egin dezakegu LOMCEri aurre egiteko?

Hasieratik izan dugu argi hezkuntza-komunitate osoaren batasuna ezinbestekoa zela legea gelditzen saiatzeko, bere onarpena hasieran eta aplikazioa ondoren. Hala, “LOMCERI EZ, GURE HEZKUNTZARI BAI” manifestua aurkeztu genuen 2013ko otsailean euskal hezkuntza-sistemaren eragileen gehiengo zabal batek. Manifestu honetan LOMCE legearen aplikazioak gure sistemari ekarriko lizkiokeen ondorio larriak salatu genituen alde batetik, era berean euskal hezkuntza-sistema propioa aldarrikatuz.

Alabaina, LOMCEren kontrako batasun hau ahultzen joan da, apurtzera iristeraino, eta momentu honetan ekimen desberdinak daude martxan lege honi aurre egiteko. Desadostasunak ez daude Legearen aurkakotasunean (LOMCERI EZ), horretan gutxi gora-behera ados gaude hezkuntza-eragile guztiak, desadostasuna alternatiba moduan planteatzen dugun horretan nola aurre egin adosterakoan dago (GURE HEZKUNTZARI BAI). Hori da gakoa:  Zer nolako hezkuntza-sistema propioa nahi dugu eta nola lortu? Esan dugu EHIGE, BIHE eta SAREAN elkarteontzat Euskal Eskola Publikoa Haratago dokumentuan jasotzen dela alternatiba hori. Dokumentu hori estrategikoa da eta argi jasotzen du guretzat oinarrizkoa den premisa: eskola publikoa euskal hezkuntza-sistemaren ardatz egituratzailea izan behar dela. Hala ere, eztabaida hori epe erdi/luzera planteatzen da, denbora eta aldeko baldintzak behar bai ditu. Baina aurrez-aurre duguna LOMCEren aplikazioa da eta horretarako ez dugu astirik. Horregatik, EHIGE Konfederazioak LOMCEren kontrako borrokari lehentasuna ematea erabaki zuen, beronen kontrako gizarte-eragozpena indartuz, eta momentuz aparkatu, ahaztu gabe, hezkuntza-sistema propioari buruzko eztabaida.

LOMCEren kontrako eragozpen prozesuarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Heziberri 2020 proiektuan parte hartzen ari gara. Hemen ere, aurreneko fasea amaitzean argi utzi dugu ez diogula oniritzirik emango Euskal Eskola Publikoa euskal hezkuntza-sistemaren oinarrizko eta lehentasunezko ardatz egituratzailea izan behar dela jasotzen ez duen dokumentu, proposamen edo inolako ekimenari.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar LOMCEk aurre egin beharko diegun hainbat neurri inposatzen dituela (curriculum zentralista, azterketa-errebalidak, Eskola Kontseiluen eskumenen hustea, Oinarrizko Lanbide Heziketa, ibilbide goiztiarrak…) eta hauek ez betetzeak askotan kalte larriak eragingo dizkietela eskola-komunitateetako kideei. Adibidez irakasle eta zuzendariei (disziplinazko espedienteak), familia eta ikasleei (titulu ofizialak lortzeko aukera eza), eta abar. Horregatik, ezinbestekoa da pausuz pausu joatea, neurriz neurri, hezkuntza komunitate osoaren konplizitate eta konpromisoa bilatuz inposaketarik gabe. Eta, noski, hezkuntza komunitatearen gehiengoak  demokratikoki hartzen dituen erabakiekiko errespetua eta babesa eskatuz Eusko Jaurlaritzari.

Eta horretan gabiltza. LOMCEri eragozpena adierazteko aurreneko ekimena jarri dugu martxan, EHIGE, BIHE eta SAREAN elkarteok, “Euskal Eskola Publiko demokratikoaren alde” izenekoa. Beronen bidez aurre egin nahi diogu Euskal Eskola Publikoaren ezaugarria den erabakiak hartzeko eredu demokratikoari: Eskola Kontseilua kontsulta-organo bihurtzea erabakiak hartzeko eskumenak kenduz. Hala, bere eskumenetik kanpo geratuko lirateke hainbat erabaki garrantzitsu: Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua, Urteko Plana, ikasleen onarpena, egutegia eta ordutegia onartzea, besteak beste. Horregatik, maiatzean eta ekainean gai hau ikastetxeetako Eskola Kontseiluetan eztabaidatzea proposatu dugu, berau ikastetxeko parte-hartze demokratiko eta erabakiak hartzeko organoa izaten jarraituko duela erabakitzea proposatuz, antolaketa, funtzionamendu eta gobernaketari dagokionean.

Era honetan, ikasturtea amaitu aurretik, euskal gizarteari erakutsi nahi diogu Euskal Eskola Publikoak osatzen duen hezkuntza-komunitatearen konpromisoa, bere eskola kontseiluen bidez. Uste dugu hauxe izango dela LOMCEren aplikazioari bermearekin aurre egiten lagunduko digun aurreneko bermedun ekimena.

Carlos López Losada

EHIGEko presidentea

Kategoria: Sin categoría. Gorde lotura.