Errebalidei buruzko prentsaurrea

ehige-errebalidak2

Gaur goizean prentsaurrea eman dugu urriaren 26an ospatuko diren errebaliden kontrako mobilizazioetan parte-hartzera deituz hezkuntza komunitatea.

Hona hemen kazetariei banatu diegun idatzia:

URRIAREN 26KO DEIALDIA

Urriaren 26an ikasturte honetan martxan ipiniko diren errebaliden kontrako mobilizazioak deitu ditugu ikastetxe publikoetako gurasoen elkarteek. CEAPAk greba deitu du eta Euskal Herrian ordubeteko geldialdiak adostu ditugu goizean ikastetxeetan eta manifestazioak arratsaldeko 6etan lau hiriburuetan STEILAS, ELA, CCOO eta UGT irakasleen ordezkariekin batera.

HEZKUNTZA SISTEMA PROPIOA NAHI DUGU

Euskal Eskola Publikoa ardatz izango duen eta ikastetxe publikoen beharrei lehentasuna emango dien hezkuntza sistema propioa defendatzen du EHIGEk.

Baina egungo lege-egoeran, LOMCE legea aplikatzen da bai EAEn eta baita Nafarroan ere, EAEn konkretuki Heziberri dekretuak.

Errebaliden kontra ez mobilizatzea LOMCE eta Heziberri ontzat hartzea da gure ustez.

HEZIBERRI DEKRETUEK ERREBALIDAK APLIKATZEN DITUZTE

EAE (Heziberri) eta Nafarroako dekretu berriek errebalida hauek jasotzen dituzte eta esaten dute beharrezkoa dela hauek gainditzea DBH eta Batxilergoko tituluak lortzeko (aurreko dekretuek ez zuten horrelakorik jasotzen).

Uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretuak (2016ko uztailaren 30eko BOEn argitaratua), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko amaierako azterketak arautzen dituenak, hauxe dio 21.artikuluan:  “Batxiler-titulua eskuratzeko amaierako ebaluazioa gainditu beharko da”.

127/2016 Dekretuak, irailaren 6koak, (2016ko irailaren 23an EHAAn argitaratua) Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duenak, gauza berbera dio 38. artikuluan: “Batxiler-titulua eskuratzeko amaierako ebaluazioa gainditu beharko da”. Honetaz gain, hauxe dio artikulu berberaren aurreneko puntuan: “Bigarren maila amaitzean, ikasleek banakako ebaluazio bat egingo dute, eta bertan ikusiko da zenbateraino berenganatu dituzten konpetentziak”.

Bi puntu hauek ez zeuden aurretik indarrean zegoen dekretuan.

EZ DAUKAGU INFORMAZIORIK

Jarduneko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak publikoki esan du ez dela errebalidarik egingo, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak argitaratu dituen Heziberri dekretuek jasotzen dute, aipatu dugun bezala, froga horiek egin beharko direla DBH eta Batxilergoko tituluak lortzeko.

Egoera argitu ahal izateko, gai honi buruzko informazio zehatza eskatu diogu Sailburuari. Momentuz ez dugu erantzunik jaso.

Deigarriak gertatzen zaizkigu Eusko Jaurlaritzaren isiltasuna eta anbiguotasuna. Era berean, egonezina sortzen ditu zuzendaritza, irakaslego, familia eta ikasleek ezer ez jakitea etorkizunerako hain garrantzitsua den gai kontu honi buruz.

ERREBALIDEN KONTRA MOBILIZATZEKO ARRAZOIAK

Euskal Eskola Publikorako konpetentzietan oinarritutako hezkuntza-eredu inklusiboarekin talka egiten dute errebalidek.

Gainera:

  1. Titulazioa ukatzen die gure seme-alabei. Errebalida gainditzen ez duten ikasleak DBH eta Batxilergoko titulaziorik gabe geratuko dira.
  2. Batxilergo eta Unibertsitaterako sarbidea frenatzen dute. Errebalidan 5 ateratzen ez duten ikasleek ezingo dute jarraitu euren hezkuntza-prozesua Batxilergo eta unibertsitatera.
  3. Irakaslegoari zilegitasuna kentzen diote. Errebalidek balorea kentzen die irakasleen lanari eta etengabeko ebaluaketari, euren eskutik kanpo geratzen baita titulua ematea, gure seme-alabei lagundu dieten arren hezkuntza-prozesu osoan.
  4. Estatuaren tresnak dira curriculuma kontrolatu eta ikasleak sailkatzeko. Froga hauen edukiak baldintzatu egingo du zer ikasiko duten gure seme-alabek, baita titulazioa eta euren etorkizun pertsonala eta profesionala.
  5. Eredu pedagogiko atzerakoi batean oinarritzen dira, zeinek gure seme-alabei oztopo-lasterketa ipintzen dien azterketa moduan helburu bakar batekin: hezkuntzarako eskubidea galarazi ahal bezain ikasle gehienei.

 

Guzti horregatik hezkuntza komunitate osoa deitzen dugu mobilizazioetan parte hartzera, bai goizean ikastetxeetan egingo diren geldialdietan eta baita arratsaldeko 6etan hiriburuetan egingo diren manifestazioetan, Hezkuntza Departamentuaren aurrean Iruñean, Hezkuntza delegaritzaren aurrean Bilbon, Alderdi Ederren Donostian eta Correosetik Gasteizen.

Testua pdf euskarrian: prentsa-dossierra-errebalidak-ehige-2016-10-23-dossier-prensa-ehige-revalidas-23-10-2016

Kategoria: Deialdiak. Gorde lotura.